KRONIKA: ALEBIN LIGAKO 1. JARDUNALDIA

ALEBINEK TXUKUN HASI DUTE LEHIAKETA DENBORALDIA

Pasa den urriaren 26an, infantil, junior eta absolutuak Lasarteko igerilekuan lehian zeuden bitartean, gure taldeko alebinak Hernanin ari ziren, euren Ligako 1. jardunaldian lehian eta lehiaketa denboraldiari hasera ematen.
Hernanin, alebin kategoriako gure 14 taldekide aritu ziren lehian, nesken artean 2008an eta 2007an jaiotakoak eta mutiletan berriz, 2006an eta 2007an jaioak.


Jardunaldi honetarako adin tarte honetako haurrek 400 libre proba eta 100 bular proba izan zituzten. Denboraldiari hasera emateko, proba sendoak, batez ere 400 libreari dagokionez. Gure taldekide guztiak bi probatan aritu ziren lehian. Lehen jardunaldi honetarako ez genuen errelebuetan parte hartu, 400 librean denak aritu baitziren.

Lehen jardunaldi hau oso garrantzitsutzat jotzen dugu, bere baitan hartzen dituen proben garrantziagatik batez ere. Jardunaldi honek, gure haurrak fisikoki nola dauden ikusteko balio digu eta baita bular estiloko ikaskuntza nola daramaten ikusteko ere. Horretaz gain, proba hauek distantziatan ertainak/laburrak diren arren, adin hauetako igerilarientzat erronka haundia izaten dira, eta euren kontrolpetik ateratzen direnez, esfortzua neurtzen ikasteko eta ausardia ateratzeko oso baliagarriak izaten dira. Zentzu horretan, oraindik ere, logikoki, asko hobetzeko daukagula ikusi genuen, baina jardunaldiak aurrera joan ahala arlo horiek menperatzen ikasiko dutela ziur gaude.

2006ko gizonezkoen artean Jon Pelayo izan zen taldeko azkarrena 400 librean eta baita 100 bular proban ere. 2007ko gizonezkoetan Jurgi Sukunza izan zen azkarrena 400 librean eta Aitor Santos berriz 100 bular proban. Adin bereko emakumezkoetan, 400 librean Nahia Goenaga izan zen taldekideen artean denbora gutxien behar izan zuena eta 100 bular proban berriz Andrea Lobato. Azkenik, 2008ko nesken artean, 400 librean Maddi Ipinza aritu zen taldekideen artean azkarren eta 100 bular proban ere bera izan zen taldeko neskarik azkarrena.

Hurrengo jardunaldia Andoainen izango dute alebinek, benjaminekin batera hil honen 16an Allurralden ospatuko den Alebin Ligako bigarren jardunaldian.

Aupa Ekipo!! Burunpower!!

Burunpower! - BRNPWR!
ELKARBANATU | COMPARTELO

Iruzkinak